XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi egunez, amak ez zion utzi berarekin lo egiten aitari.

Orain etzanik dagoen sofa horretan bertan egin behar izan zuen lo, amak barkatu zion arte.

Egun hauetan, aitak egiten duen lo pixka, sofan egiten du. Ama hil zenetik ez da sartu bien ohean.

Krudela da, bai, bizitza! Baldin eta Jainkorik badago, ezinezkoa da adierazi didaten Jainko hori izatea, Jainko ahalguztiduna.

Ahalguztiduna eta errukiorra izanik, ez zuen utziko gertatu zaiguna gertatzen.

Baldin eta Jainkorik badago, erabat neutroa izango da; eguna argitzen duena, unibertsoa hedarazten duena, baina gauzei bere gisara joaten uzten diena.

Zeren eta nire amaren heriotza haren nahia izan bada, gorroto dut eta betierean madarikatuko dut.

Nire hatzek amarenen gero eta antz handiagoa dute, eta horrek apur bat kontsolatzen nau, nire barruan bizirik dagoela pentsatu eta hatzen bidez musika bihur baitezaket, etxe osoan oihartzun egin dezan.

Badakit neure burua engainatzen dudala horrela, baina aurrean guztia itxirik duzunean, ezer ikusi ezinik, ilunpean zirrituak bilatzen hasten zara.